Alice Pestana
Alice Pestana | |
---|---|
Irudi gehiago | |
Bizitza | |
Jaiotza | Santarem, 1860ko apirilaren 7a |
Herrialdea | Portugal Portugalgo Erresuma |
Heriotza | Madril, 1929ko abenduaren 24a (69 urte) |
Hobiratze lekua | Madrilgo hilerri zibila |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Pedro Blanco Suárez (en) (1901 - 1929) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | portugesa gaztelania ingelesa frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, kazetaria, pedagogoa, itzultzailea, irakaslea eta saiakeragilea |
Kidetza | Institución Libre de Enseñanza Liga Portuguesa da Paz (en) Protectorado del niño delincuente |
Alice Pestana edo Caiel (Santarém, 1860ko apirilaren 7a – Madril, 1929ko abenduaren 24a) irakasle, itzultzaile, humanista, feminista eta bakezale portugaldarra. 1899an Liga Portuguesa da Paz sortu zuen. Institución Libre de Enseñanza-ko (ILE) pedagogoa izanik Protectorado del niño delincuente sortu zuen eta 1916 eta 1925 urte artean elkartearen idazkaria izan zen.
Biografia
Alice Pestanak bost urte zituenean hil zen Matilde Soares ama, neba txikia erditzean. Amaren amak hazi zituen bera eta anai-arrebak (horregatik, amonaren abizena hartu zuen). Aita, Eduardo Augusto Villar Coelho, beste emakume batekin ezkondu zen, bederatzi urte geroago.
Etxe-irakasle ingelesek hezi zuten, eta hainbat hizkuntza, pianoa eta kantua ikasi zituen. Kazetari gisa Lisboako The Financial and Mercantil Gazette eta O Espektro da Granja aldizkarietan aritu zen. 1888 eta 1893 artean Europan zehar hainbat bidaia egin zituen eta ipuin, eleberri, saiakera eta artikuluak idatzi zituen. 1892an, O que deve ser a instrução secundaria da mulher? tesia aurkeztu zuen Hispano-Portuges-Amerikar Kongresu Pedagogikoan, Amerikaren Aurkikuntzaren IV. mendeurrena zela eta.
José Pessanhak sortutako "Sociedad Altruista"n sartu zen. Elkarteak emakumearen, haurraren eta gizateriaren aurrerapen moralaren gainean jarduten zuen. 1899an Liga Portuguesa da Paz sortu zuen eta erakundearen lehen lehendakaria izan zen Pestana.[1] 1901eko urtarrilaren 5ean Pedro Blanco Suárezekin ezkondu zen, Bernardino Machado eta Francisco Giner de los Ríosen bitartekaritzari esker ezagutu zuen. Hilabete batzuetara Espainiara mugitu ziren, eta bertan geratu ziren bizitzera. Ez zuten ondorengorik izan.
Itzultzaile ere aritu zen, ingelesetik gaztelaniara Laura Brackenburyren lana itzuli zuen, La enseñanza de la gramática (1908) baita Otto Jespersen La enseñanza de las lenguas extranjeras ere. Bestalde, frantsesetik Cyril Bruyn Andrewsen Introducción al estudio de la educación en la adolescencia (1922) edota Emile Durkheimen, Educación y sociología (1910) itzuli zituen, besteak beste.[1]
1914an, frantseseko irakasle plaza bat irabazi zuen ILE-ko helduen eskoletarako. Urte horretan, Portugalgo Lehen Errepublika aldarrikatu berritan, Espainiako gobernuaren enkarguz, eta Ikasketak Zabaltzeko Batzordearen beka batekin, bere jaioterrian hezkuntza-proposamen errepublikanoen aurrerapenei buruzko txosten teknikoa egin eta urtebete geroago La educación en Portugal (1915) liburua argitaratu zuen. Handik urtebetera, Protectorado del niño delincuente sortzean erakundearen idazkari izendatu zuten eta 1925ean desagertu artean kargu hori bete zuen.
1922an, Alicek nerbio-eritasun baten lehen sintomak izan zituen, eta 1928an areagotu zen. Erori ondoren aldaka apurtu eta etzanda egotera behartuta egon zen. Madrilen hil zen[2] 1929an, Gabon gaua zela. Madrilgo hilerri zibilean lurperatuta dago.
Lanak
Literatura
- As maes e as filhas. Cantos (1886)
- Amor á antiga (1894)
- A filha do ]oao do Outeiro (1894)[2]
- Madame Renan (1896)
- Genoveva Montanha (1897)
- O tio Victorino: novella dedicada as crianzas portuguesas, em conmemoraçao da festa nacional do Quarto centenario da India (1898)
- Primeiras leituras (1899)
- Revista Branca: dedicada aos pequenos e a os novas (1900)
- Comentarios á vida (1900)
- Testamento de mae (1900)
- Primeira agonía (1900)
- Desgarrada (1902)
Alice Pestanari buruzko argitalpenak
Haren alargunak Alice pestana, «in memoriam» liburua argitaratu zuen 1931n, Julio Cosanoren inprimategian, Madrilen.
Erreferentziak
- ↑ a b Hernández Díaz, José María. (2012). «Alice Pestana, educadora portuguesa republicana en la Institución Libre de Enseñanza» Historia de la educación: Revista interuniversitaria (31): 257–273. ISSN 2386-3846. (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
- ↑ a b Jiménez-Landi 1996.
Bibliografia
- Hernández Díaz, José María. (2012). «Alice Pestana, educadora portuguesa republicana en la Institución Libre de Enseñanza» Historia de la Educación: Revista interuniversitaria (31): 257–273. ISSN 2386-3846..
- Jiménez-Landi, Antonio (1996). La Institución Libre de Enseñanza y su ambiente: Periodo de expansión influyente. Edicions Universitat Barcelona. ISBN 84-89365-99-7.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- "Soñadoras de dos mundos", en aposta, Revista de Ciencias Sociales; n.º 30, julio, agosto y septiembre de 2006; ISSN 1696-7348
- Datuak: Q16911690
- Multimedia: Alice Pestana / Q16911690