George McGuinness
George McGuinness | |||||||||||||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Bizitza | |||||||||||||||||||||||||||
Jaiotza | Liverpool, 1887ko urriaren 6a | ||||||||||||||||||||||||||
Herrialdea | Britainiar Inperioa | ||||||||||||||||||||||||||
Heriotza | Montauban-de-Picardie, 1916ko uztailaren 1a (28 urte) | ||||||||||||||||||||||||||
Hezkuntza | |||||||||||||||||||||||||||
Hizkuntzak | ingelesa | ||||||||||||||||||||||||||
Jarduerak | |||||||||||||||||||||||||||
Jarduerak | futbolaria | ||||||||||||||||||||||||||
|
George McGuinness (Liverpool, 1887ko urriaren 6a - Montauban-de-Picardie, 1916ko uztailaren 1a), Ingalaterran jaiotako futbolaria izan zen, 1900. hamarkadan Donostiako futbol taldeetan jokatu zuena, Club Ciclistan eta Errealean. 1909an Espainiako Errege Kopa irabazi zuen eta txapelketako goleatzaile nagusia izan zen.
Biografia
Donostiako egonaldia (1908-1910)
Liverpooleko Toxteth auzoan jaio zen eta Saint Francis Xavier's Collegen ikasi zuen[1]. Harrowby FC taldean hasi zen jokatzen eta 1908 inguruan Donostiara etorri zen. Garai hartan bazen San Sebastián Foot-Ball Club izeneko taldea eta hango atezaina zen Pedro Bearen ingeles irakasle partikularra zen McGuinness[2]. Haren bitartez taldean jokatzen hasi zen.
1909an taldeak Espainiako txapelketa (gaur egungo Errege Kopa) jokatu nahi zuen baina kirol taldeen lizentziarik ez zuenez Club Ciclista SS taldearekin bat egitea erabaki zuten eta Ciclista FC sortu zen[3]. Txapelketa haren azken fasea Madrilen jokatu zen eta Ciclista FC taldeaz gain beste lau ere izan ziren; FC Barcelona, Galicia FC (Fortuna de Vigo), Athletic Club eta Español de Madrid. Donostiarrek hiru partida jokatu behar izan zuten, aurrenekoa Athleticen aurka eta 4-2 nagusitu ziren. McGuinnessek hiru gol sartu zituen. Ondoren Galicia FC garaitu zuten finalerditan eta partiduko bi golak McGuinnessek sartu zituen. Partidan zehar ordea lesionatu egin zen, bai eta Rodriguez ere, eta garai hartan aldaketarik egiten ez zenez Ciclista taldeak 9 jokalarirekin eusti behar izan zion emaitzari. Finalerako zalantzazkoa zen McGuinnessen partehartzea eta Athleticeko aurrelari bat hartzekotan izan ziren, baina azken unean McGuinnessek jokatzea erabaki zuen[4]. Aurrelari ingelesa izan zen lehenengo gola sartu zuena gainera, eta amaieran 3-1 emaitzaz garaitu zuten Español de Madrid taldea[5]. McGuinnessek sartu zuen donostiarren aurreneko gola.
Taldeak izandako arrakasta ikusita Club Ciclista utzi eta beneako futbol elkartea antolatzea erabaki zuten. 1909ko irailaren 7an jaio zen Sociedad de Foot-Ball de San Sebastián, hilabete batzuk beranduago Errege titulua eskuratu eta Real Sociedad de Foot-Ball bihurtu zena. Oraindik lizentziarik ez zuenez hiriko beste talde baten izenean jokatu zuen 1910ko Espainiako txapelketa, Vasconia Sporting Club izenarekin hain zuzen ere. Athletic izan zuen aurkari finalean eta 1-0 galdu zuen[6]. Real Sociedad izenarekin 1910ko martxoaren 26an jokatu zuen aurreneko lagunarteko partida. Ondarretako futbol zelaian izan zen London Nodmans talde ingelesaren aurka eta 1-5 galdu zuen. Errealaren gol bakarra McGuinnessek sartu zuen, Errealaren historiako aurreneko goleatzailea izan zen beraz[7].
1910 denboraldian hainbat partida jokatu zituen Errealarekin, tartean Piriniotako Kopa. Izen ofiziala Challenge International du Sud de la France Copa Pirineos zuen eta Errealak bi partida jokatu zituen, Stade Toulousain frantziarren aurka 8-0 irabazi zuen eta Bartzelonarekin 1-2 galdu[2]. Urte horretan bertan Ingalaterratik etorri berria zen Nicasio Goitisolo futbolariarekin batera jokatu zuen[8]. Euskal jatorriko ingelesa zen hura, McGuinness bezala Liverpoolekoa eta Saint Francis Xavier's Collegen ikasitakoa. Hurrengo urteetan Errealeko jokalari onenaren erreleboa hartu zion George McGuinnessi[9].
Errealarekin Piriniotako Kopa jokatu ondoren jaioterrira itzultzeko erabakia hartu zuen[2]. Agur esateko partida bat antolatu zen Donostian Biarritz futbol taldearen aurka. 1910ko urriaren 20an izan zen eta donostiarrek 6-1 garaitu zituzten lapurtarrak. McGuinnessek bost gol sartu zituen[7].
Lehen Mundu Gerra
Liverpool ondoan dagoen Birkenhead hiriko St Laurence’s Roman Catholic Schoolen irakasle hasi zen lanean. 1914an Lehen Mundu Gerra sortu zen eta Liverpooleko infanteriako King's Regiment-eko 30. dibisioan izena eman zuen. 18. batailoian sartu zuten eta 1915eko azaroaren 7an Mantxako kanala zeharkatu zuten SS Invicta ontzian[1]. 1916ko uztailaren 1ean Sommeko gudua hasi zen, Gerra osoko luzeenetako eta gogorrenetako bat. Lau hilabete eta 17 egun iraun bazituen ere McGuinness lehenengo egunean hil zen, Montauban-de-Picardie herrian. Bataloiko laguna zuen John Caulfield-ek bere heriotzaren berri ematen zuen eskutitza idatzi zuen eta 15 egunetara iritsi zitzaion familiari[1].
Ez da ezagutzen McGuinness hobiratu zuten tokia eta haren izena Thiepval Memorialean dago hildako gainerako 70.000 soldadu britainiarrekin batera, Frantzia iparraldeko Thiepval herrian.
Kirol ibilbidea
Taldeak
Taldeak | Urteak |
---|---|
Harrowby FC (Liverpool) | ? |
San Sebastián FC | 1908 |
Club Ciclista SS | 1909 |
Real Sociedad | 1909-1910 |
Vasconia Sporting Club | 1910 |
Palmaresa
- Espainiako Errege Kopa (1): 1909
Erreferentziak
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Localizan a la primera estrella de la Real 110 años después: murió en la I Guerra Mundial» www.elconfidencial.com 2020-04-11 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
- ↑ a b c «George McGuinness (Real Sociedad)» atotxa.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
- ↑ «Futbol - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-24).
- ↑ [https://gara.naiz.eus/paperezkoa/20090906/155280/es/Un-siglo-futbol-club-ciclista-origen «Un siglo de f�tbol con el club ciclista como origen - GARA»] gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
- ↑ «Futbol - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
- ↑ Fraga, Johny Vasconcellos. (2015-12-14). «ANOTANDO FÚTBOL *: REAL SOCIEDAD * PARTE 1» ANOTANDO FÚTBOL * (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Mac Guinness» Rincondelforero 2009-02-08 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) MACÍAS MUÑOZ, Olga. (2005-02-25). «El Athletic de Bilbao, campeón de la Copa de España de fútbol de 1910» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) Nicasio Goitisolo, el primer español en el fútbol inglés. 2019-07-03 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
Kanpo estekak
- George McGuinnessen estatistikak www.atotxa.org webgunean
- Datuak: Q106193122