Hipermerkatu

Hipermerkatua

Hipermerkatua 2500 m2 baino gehiagoko txikizkako salmentarako establezimendua dugu. Merkataritza-operazioak autozerbitzu erregimenean egiten dira, eta ordainketa irteerako kaxetan egiten da. Halaber, aparkaleku handiak ditu.

Merkataritzako azalera handiko establezimenduak dira hipermerkatuak, azalera handiak.[1] Baina azalera handia kontzeptuaren barruan supermerkatuak ere sartzen dira; hipermerkatuak ez bezala supermerkatuak herriko kasko barruan kokatzen dira eta azalera txikiagoa dute (400 - 3.000 m²). Eta gainera, azalera handiko saltoki guztiak ez dira hipermerkatuak edo supermerkatuak; elikagaiak saltzen ez dituzten establezimenduak ere badira azalera handietan; ohikoak izaten dira arropa, altzariak, brikolaje, edo artikulu elektronikoak (etxetresna elektrikoak, adibidez) saltzen dituzten zenbait solairutako dendak.

Europako lehen hipermerkatua Carrefourrek sortu zuen Sainte-Geneviève-des-Boisen.

Hipermerkatua (hiritik kanpo eta 2.500 m²-tik gora)

Bezero gehienak autoz hurbiltzen dira.

Hipermerkatuak, herri kaskoan gabe, inguruetan edo trafiko handiko bideen alboan kokatu eta, maiz, parking zabalez hornituak, gasolindegi eta marka ezagunetako saltokiez inguratuak dauden azalera itzeleko (2.500 m²-tik gora) establezimendu komertzialak dira. Hipermerkatuan salgai daude kontsumo handiko era guztietako ondasunak (sarri, 20.000 - 35.000 produktu desberdin), inoiz kaleko dendan baino merkeago, hirigunez kanpora egoteak, erosketa eta salmenta eskergak egiteak eta dirulaguntza publikoek, besteek beste, prezioak jaisteko aukera ematen dietelako.[2] Horretarako baliabideak erabiltzen ditu saltokiak: marka zuriko produktuak, eskaintzak, leialtasuna saritzeko opariak, etab.

Hipermerkatua

Hipermerkatua, definizioz, autozerbitzua da: bezeroak bere burua zerbitzatzen du, erosi nahi duena apaletatik jaso eta bere orgatxo edo saskian utziko du. Saltokiko ibilbidearen amaieran dauden kutxetako batean ilaran itxoin, erositakoa erakutsi eta ordainduko dio kutxazainari edo makina batean merkantzia aurkeztu eta hark agindutakoa bete beharko du.

Ordaintzeko garaian, dirutan, txartel bidez edo telefono bidez pagatu dezake bezeroak.

Supermerkatua (hiri barruan eta 400-3.000 m²)

Herri barnean kokaturik dagoen tamaina handiko (400 - 3.000 m² raino; hortik gora hipermerkatutzat jotzen da) establezimendu komertziala, elikagaiak ez ezik, kontsumo handiko ondasunak ere xeheka saltzen ditu, eskuarki denda txikiak baino merkeago.

Supermerkatuan bezeroak bere burua zerbitzatzen du, behar duena pixkanaka aukeratu, jaso eta saski edo orgatxo batean utziaz. Establezimendu horietan produktuak sekzioka sailkaturik daude: elikagai freskoak, izoztuak, kontserbak, edariak, arrain-itsaskiak, etab. Eta sekzio bakoitza alorrez alor antolatua dago: elikagai freskoen alorrean, frutak, berdurak, arrautzak, etab.

Ibilbide amaieran dauden kutxetan bezeroak erositakoa erakutsi eta ordainduko dio kutxazainari.

Erreferentziak

  1. EUSTAT. (2024). Merkataritza indizea azalera handietan eta elikadura kate handietan.. Eusko Jaurlaritza.
  2. «Abeltzain talde batek esnea oparitu du, esnearen prezio merkea salatzeko» Berria 2022-04-12 (Noiz kontsultatua: 2024-06-24).

Kanpo estekak

  • «Idatzizkoan preso» Garbiñe Ubeda. Berria 2023-04-07
  • «MERKATARITZA» Berria 2017-03-15
  • Datuak. Eroskiren datuak 2013an, Berria 2013
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q750656
  • Commonscat Multimedia: Supermarkets / Q750656

  • Identifikadoreak
  • GND: 4124180-0
  • LCCN: sh88005260
  • NKC: ph159592
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Britannica: url
  • Wd Datuak: Q750656
  • Commonscat Multimedia: Supermarkets / Q750656