Mainea
Mainea | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mota | haitzulo eta aztarnategi paleontologiko |
Luzera | 500 m |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°01′56″N 1°55′12″W / 43.032283°N 1.920032°W / 43.032283; -1.920032 |
Herrialdea | Euskal Herria |
Foru erkidego | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Larraun |
Nafarroako kontzeju | Uitzi |
Mainea Nafarroa Garaian Lekunberri eta Uitzi artean dagoen leize natural bat da. Aztarna paleontologikoak aurkitudira barruan.
Deskribapena
Esploratutako aldean 500 metro luze da, eta 39 metroko desnibela dauka[1]. Elkarren ondoan dauden bi sarrera ditu, bata bertikala eta bestea malda handikoa. Malda handiko sarrerak Los Huesos izeneko eremura eramaten du, izan ere hezur ugari aurkitu baitira bertan. Dirudienez hildako ardien zabortegi gisa erabili baitzen urtetan. Hiru solairu dituen eremua da eta oso nekosoa da bertatik aurrera egitea, galeriek bihurdura estuak eta pasabide zailak baitituzte eta lokatz ugari ere izaten da[1].
Leizearen beste eremu bat El agua da, eskuineko sarreratik (bertikaletik) iristen dena. Galeria zabalagoak aurkitzen dira bertan. Bi solairu ditu[1]
Errinozeroak eta mamutak
1996an kuaternarioko fosilak aurkitu ziren bertan. Urte batzuen buruan egindako azterketen ondoren, duela 45.000 urteko errinozero iletsu (Coelodonta antiquitatis) eta mamutenak (Mammuthus primigenius) zirela ikusi izan da[2].
Otxola espeleologia taldeak mamut baten hagina aurkitu zuen, molar bat, etaaurkikuntza Aranzadi Zientzia Elkarteari jakinarazi zion berehala. Paco Etxeberria forentsearen zuzendaritzapean arlo ezberdinetako aditu talde bat osatu eta pieza gehiago eta hezur gehiago eskuratu ahal izan zituzten. Guztira mamut baten hezurra eta adin ezberdinetako bost errinozero iletsuren 200 hezur bildu zituzten. Orein baten hezur bakarra ere aurkitu zen. Bildutako hezurren azterketa Manuel Rodriguezen taldeak gidatu zuen. Jasotako errinozero aleen artean badira kume jaioberri bat eta 25 urtetik gorako ale zahar bat. Mamutaren hezurrak 30 urteko animalia batenak dira[3]. Dirudienez dolina batetik erorita sartu ziren kobazuloan eta ezin izan zuten atera animaliok. Ondorioz bertan hil ziren eta hondarrak oso egoera onean kontserbatu dira[4].
Erreferentziak
- ↑ a b c «Mainea» Mainea (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) EFE. (2021-01-17). «La cueva navarra de Mainea, el cementerio de los rinocerontes lanudos» diariodenavarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).
- ↑ SLU, Herritar Berri. (2021-02-04). «Duela 45.000 urte Maineara heldu ziren mamut eta errinozero iletsuen istorioa» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
- ↑ «Uitziko Mainea leize-zuloa, errinozero iletsuen eta mamuten hilerri» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-01-17 (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
Kanpo estekak
- Datuak: Q105092611