Propionibacterium

Propionibacterium
Irudi gehiago
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaBacillati
FilumaActinomycetota
KlaseaActinomycetes
OrdenaPropionibacteriales
FamiliaPropionibacteriaceae
Generoa Propionibacterium
[[|]]
Datu orokorrak
Gram tindaketaGrampositibo

Propionibacterium generoa bakterio Gram positiboz osatuta dago, bazilo itxura dutenak. Batzuk pleomorfikoak dira [1]. Anaerobioak dira (batzuetan mikroaerofiloak), ez dira mugikorrak eta ez dituzte esporak sortzen.

Bakterio hauen zelula hormak, Lactobacillus eta Corynebacterium generoenak bezala, ez du DAP (azido diaminopimelikoa)

Katalasa (+) eta oxidasa (-) dira.

Maila metabolikoan ezaugarri berezia dute Propionibacterium guztiek: burutzen duten hartziduraren bidez azido propionikoa sortzen dute (CH3-CH2-COOH). Ez dira azido propionikoa ekoizten duten bakterio bakarrak, baina bai azido propioniko gehien sortzen dutenak. Gluzidoak, hainbat alkohol eta azido laktikoa ere erabil ditzakete substratu modura, propionikoz gain azido azetikoa eta CO2 ere sortuz [2]:

C6 H12 O6 → CH3-CH2-COOH + CH3-COOH + CO2 + H2O

Azido laktikoa hasierako substratua denean:

3(CH3-CHOH-COOH) → 2(CH3-CH2-COOH) + CH3-COOH + CO2 + H2O

Azido laktikoa beste bakterio batzuen metabolismoaren emaitza izan daiteke, eta Propionibacterium-ek substratu bezala erabiltzen du.

Sigurd Orla-Jensen mikrobiologo daniarrak deskribatu zuen estreinakoz Propionibacterium generoa, 1906an [3], Emmental gazta batean aurkitu zuenean

Genero honetako bakterio gehienak gure mikrobiotaren partaide saprofito eta ez-kaltegarriak dira, ugariak izanik gure larruazalean. Batzuk aske bizi dira, lurzoruan. Salbuespenak salbuespen, ez dira patogenoak. Propionibacterium acnes, aknea sortzen duena, beste genero batera mugitu zuten bakteriologoek 2016an: Cutibacterium-era, hain zuzen (Cutibacterium acnes)

Erabilera industriala

Propionobacterium generoko espezie batzuk (adibidez, Propionibacterium freudenreichii) esne-industrian erabiltzen dira hainbat gazta egiteko (Emmental, Comté...). Emmental gaztan, Propionibacterium-ek beste bakterio batzuek sortzen duten azido laktikoa hartzitzen du, azido propionikoa, azido azetikoa eta CO2 sortuz. Lehenengo bi azidoek gazta horri bere zapore berezia ematen diote, eta CO2k Emmental gaztaren zulo bereizgarriak sortzen ditu [4]. Gazta horren ekoizpenean hiru bakterio mora erabiltzen dira: estreptokokoak (homohartzitzaileak), laktobaziloak eta Propionibacterium.

Propionibacterium freudenreichii ere erabiltzen da B12 bitaminaren ekoizpenean [5]. Probiotiko batzuen osaketan parte hartzen du, osasun-onurak dakartzala egiaztatu baita [6]


Propionibacterium erraz isolatzen da laborategian Emmental gaztaren lagin batetik, lagin hori hazkuntza-ingurune egoki batean ereinez (legamiaren estraktua eta laktatoa dituena) eta atmosfera anaerobio batean inkubatuz.

Erreferentziak

  1. Forbes, B., Sahm, D., Weissfeld, A. : Diagnóstico Microbiológico Ed. Pan Americana 548 orr. ISBN: 950-06-0796-4
  2. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua: 516 orr. ISBN: 978-84-9860-026-1.
  3. Ingraham, J., Ingraham, C.: Introducción a la microbiología Vol. II, Ed. Reverté (1998), 733 orr. ISBN: 84-291-1871-3
  4. https://web.archive.org/web/20160826155845/http://www.genoscope.cns.fr/spip/Propionibacterium-freudenreichii,467.html
  5. Piwowarek, Kamil; Lipińska, Edyta; Hać-Szymańczuk, Elżbieta; Kieliszek, Marek; Ścibisz, Iwona (2018-1) Propionibacterium spp-source of propionic acid, vitamin B12 and other metabolites important for industry Applied Microbiology and Biotechnology (en inglés) 102 (2): 515-538
  6. G Jan, « Propionibacteria induce apoptosis of colorectal carcinoma cells via short-chain fatty acids acting on mitochondria », Cell death and differentiation, vol. 9, no 2,‎ février 2002, 179-188 orr.

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q1309614
  • Commonscat Multimedia: Propionibacterium / Q1309614
  • Wikispecies Espezieak: Propionibacterium

  • Datu taxonomikoak
  • EOL: 83112
  • GBIF: 3225689
  • ITIS: 957883
  • NCBI: 1743
  • WoRMS: 559761
  • Medikuntzako identifikadoreak
  • MeSH: D011424
  • Wd Datuak: Q1309614
  • Commonscat Multimedia: Propionibacterium / Q1309614
  • Wikispecies Espezieak: Propionibacterium